XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mahaipurua eta mahaikideak banan banan agurturik, noizbait tribunara heldu da.

Paper batzuk zabaldu eta dio: - Mahaipuru, mahaikide eta jaun-andre bikain guztiok.

Lehenbizi eskerrik beroenak neure buruaren eta nire taldekide guztien izenean, zuen deiaz honenbesteraino ohoratu gaituzuelako.

Duela zenbait denbora, azken zoro mota berri honen azterkuntza egiteko eskatu ziguten.

Zorotasunaren eremuak mugagabeak eta mugagabeki askotarikoak direnez gero, zaila da zehaztasun osoko azterkuntzarik eta pronostikorik egitea.

Zoro mota berri hau, ordea, hain da berezia, non bera baita eremu eta muga.

Dudarik ere ez gure hizkeran esaten den kasu atipikoak ez ezik, kasurik atipikoenen aurrean gaudela.

Zorotasunaren sustraiak orokorrak dira.

Beren burua hilko luketen kasuak milaka ditugu zoroetxeetan, pixka bat bertan behera utziko bagenitu.

Inor hilko luketenak ere ez gutxi.

Horren arrazoiak sikomedikuntzan oso ezagunak dira eta sendabiderik onena besteengandik bereztea izaten da, ahalik eta ihardunik gehien emanez.

Ba dira halako dosis jakinetan ematen zaizkien lasagarriak ere, segun nori halako kopuruz eta indarrez.

Bere burua eta inorena era batera hiltzen dutenak ere ba dira, baina gehienean bitasun hori ez dute oso ondo koordinatzen, beren burua hiltzetik hasten baitira.

Alde horretatik, bere burua hiltzen duen edozein zoro sakonengatik esan liteke beste norbait hiltzea nahi zuela, baina bere burua hurbilen duelarik, handixek hasten da, lehenbizi bestearena egin behar duela ohartu gabe.

Honelako sintomarik somatzen denean, orduantxe bai behar dela isolamendurik estuena, nahiz eta gupidagabea izan.

Beste biderik ez denean, dagoenari heldu behar zaio, errukirik gabe.